Santa Zezilia egunaren bueltan (azaroaren 22a), Bergarako musikariek antolatu dituzten ekimenen artean lehena izango da gaurkoa. Ez bakarra, ordea. Izan ere, bihar, egubakoitza, Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du Mariaren Lagundiko elizan, 20:00etan hasita. Emanaldiaren ostean, Pertxa elkartean batuko dira musikariak afarirako.
Domekan, azkenik, Santa Zezilia egunarekin bat eginez, Udal Musika Bandaren txanda izango da. 10:30ean kalejira egingo dute eta 12:30ean kontzertua Udal Pilotalekuan. Besteak pieza batzuen artean, Pertxa elkarteari eskainitako martxa joko du Bandak eta Jesus Mari Eguren Uriarte urte askotan zehar elkarteko presidente izandakoari omenaldia eskainiko diote.