Martitzeneko elkarretaratzean eginiko isilunearen ostean, Juanje Alberdi alkateak hartu zuen hitza, eta egun horretarako bereziki idatzitako testua irakurri zuen plazan bildutako jende guztiaren aurrean.
Bizikidetzarako konpromisoa
Alkateak irakurritako testu horretan ondorengoa aipatzen zen: "Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei zor diegu egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea. Egindako mina aitortuz", giza eskubideen errespetua "beste edozein kausa edo ideia politiko eta estatu arrazoiaren gainetik" dagoela dio idatziak. Horrekin batera, Udalak "giza eskubideen kulturan eta elkarrenganako errespetuan eta onespenean oinarritutako bizikidetza" sustatzeko konpromisoa hartu du.
Udalbatzaren atxikimendua
Astelehenean, azaroak 9, ezohiko osoko bilkura egin zuten udaletxean. Bertan, EAJ, EH Bildu, Irabazi eta PSE alderdiek osatutako udalbatzak aho batez onartu zuen alkateak proposatutako adierazpen hori.
Bilkuraren ostean, Juanje Alberdi alkateak nabarmendu zuen garrantzitsua dela bizikidetzarako konpromiso hori "denon artean" betetzea. Nabarmendu zuen martitzeneko elkarretaratzearekin ez dela "helburu bat lortzen", baizik eta "abiapuntu bat" izan behar zuela. Hemendik aurrera gai horren bueltan "gauza gehiago" egiten hasi behar dutela adierazi zuen. "Biktimei eta azken urte hauetan sufrimendua jasan dutenei elkartasuna" adierazi nahi izan zien Alberdik.
EH Bilduko ordezkari Agurne Barrusok, berriz, ezohiko bilkuraren ostean adierazi zuen gai horrek lanketa "sakona eta sentsiblea" eskatzen duela: "Egia da Bergaran biktimen eta memoriaren gaia ez dela batere landu, eta faltan sumatzen dugu esku artean planteamendu bat izatea, edo planteamendu batera heltzeko metodo bat".