Goizean goiz elkartu ginen. Batzuk Labegaraietan eta gainontzekoak San Martin plazan. Taldeak egin eta lanean hasi ginen, batzuk kamioiekin, beste batzuk piraguekin eta gehienok erreka bazterrean sartu eta eskuetan traste zahar eta zikinkeriak jasotzen. Hamalau tramutan barrena, hamalau taldetan antolatuta, Elorregitik Mekolalderaino.
Leku askotan aurreko bi urteetan egindako lana asko igartzen dela ikusi den arren, oraindik ere zikinkeria ugari atera genuen. Dena den, karramarroak, arrainak eta ur garden-gardena eta ekosistema biziak ere ikusi daitezke. Txoko eta leku zoragarriak dauzkagu, eta horiek zaindu eta gozamenerako espazio bihurtzeko ahalegina egitea asko merezi duela sinetsita gaude.
Dagoeneko Erreka Lagun mordo bat garela esan dezakegu, erreka biziberritzea amets dugu, eta epe motz edo ertainera ibai osasuntsu baten alde lanean jarraituko dugu. Alde batetik, gure esku dagoena eginez, eta, bestetik, erakunde publikoei zein herritarrei eta enpresei euren eginbeharrak bete dezatela eskatuz. Garbitzen eta eragiten jarraitzeko bokazioa daukagu.
Lerro hauekin, eskerrak eman nahi dizkiegu domekako ekimenean lagundu ziguten honako erakunde hauei: DYA, Beti Busti elkartea, Debagoieneko Mankomunitatea, Hierros Naparra, Bergarako Udala, Oilagorra, Pertxa, San Migel Pe eta Artatse elkarteak.
Eta, nola ez, ekimenean zuzenean parte hartu zenuten lagun guztiei! Eskerrik asko!