Dagoeneko badu egitaraua hilaren 21ean Jardunen mende laurdena ospatzeko egingo den festak. 12:00etan hasiko da, frontoian, paella lehiaketarekin –oinarriak: www.jardun.eus–. Lehiaketan prestatutakoekin, bazkaria egingo dute, 14:30ean; bazkal ostean, Kopla Barik bertso eskolaren umorezko saioa egongo da –15:30etik 17:30era ludoteka zerbitzua eskainiko da–. Bai lehiaketarako eta bai bazkarirako izena emateko azken eguna hilaren 13a da: frontoiko tabernan, Pol-Polen, Kortazarren, Arranon, Hamaikan eta Jardunen egin daiteke –haurrek 5 euro, ikasle eta langabeek 10, eta 12 gainerakoek–. Bazkari aurretik, 13:00etan, triki-kantu-jira abiatuko da frontoitik bertatik.
Festarekin jarraitzeko, 17:30ean mosaikoa egingo dute pilotaleku kanpoaldean, eta Zesuma taldearen erromeria egongo da 18:00etan hasita. Bestalde, urteurrena aprobetxatuz, Larre zaharretan izeneko Jardunen abestia ere sortu du Aritz Alustizak, herriko musikari eta kantarien laguntzarekin. Jardunetik, herritar denak animatzen ditugu hilaren 21eko ospakizunean parte hartzera.