Udal artxiboan gordeta dagoen altxorretako bat da XV-XVI mendeko Kristo hilgatik dolua taula margotua. Bi egunez egongo da ikusgai Laboratoriumen eta ostean atzera ere gordeko da, delikatua baita oso.
Zapatuan, azaroak 14, Jesus Muñiz adituak artelanari buruzko azalpenak emango ditu bertatik bertara gaztelaniaz. Domekan ere aukera egongo da Laboratoriumen bertan. Bi saioak 11:30ean izango dira.
Erdi Aroaren bukaeran Europako pinturaren mundua berritzen hasi zen. Italiatik eta Flandriatik etorri zen berrikuntza hori. Italiako artistak naturalismoa eta perspektiba matematikoa hasi ziren lantzen eta flandriarrek estilo gotikoa gainditu zuten margotzeko modu berri bat sortuaz; horretan errealitatearen xehetasun guztiak fideltasunez islatzea, perspektiba enpirikoa eta olioaren teknikak eskaintzen dituen posibilitate berriak garrantzi izugarria izan zuten. Bergaran dagoen Kristo hilagatik dolua izeneko pintura flamenkoa horren adierazgarri da, XV. mende bukaerakoa, eta horretaz gozatzeko aukera izango da, pintura lana azaldu eta interpretatzeko egingo den ekitaldian.