Frantziako Urbanext enpresak Candy berrindustrializatzeko proposamena 55 bat langilek babesten dute, eta, MUren bitartez, Elkargi eta Oinarri garantia elkarteei finantzazioa eskatu zieten. Bada, gaur jakin dute ezezkoa eman dutela.
Urbanext-ek enpresa berriaren jabegoaren %80 izango luke, eta langileek, %20; baina finantzazioa bilatzea langileen ardura da, hau da, Urbanext-ek berak ez luke diru-inbertsiorik egingo. Finantzazio publikoaz gain, eta hori lortu izango balute, langileek diru bat ipini behar izango zuketen, baina orain, garantia elkarteen aukera kenduta, dena langileen poltsikotik atera beharko litzateke, eta diru larregi da, euren ordezkarien esanetan; 2,5 milioi euro inguru.
Eusko Jaurlaritzaren Lanpar arrisku-kapital elkarteari ere egin diote eskaera, baina horrek baiezkoa emanda ere, ez da ezer konpontzen, gehienez ere 500.000 euro izango liratekeelako.
Egubakoitzean batzarra egingo du enpresa batzordeak MUko ordezkariekin, Elkargiren eta Oinarriren ezezkoaren zergatiak jakiteko eta aztertzeko.
Proiektuarendako beste diru-iturri batzuk bilatzeko aukera ere aztertuko dute. Kasu honetan, finantzazio pribatua izan beharko litzateke.