Seigarren garaipena, bihotzak bultzatuta

Xabier Urtzelai 2015ko urr. 31a, 21:30

Dagoeneko sei alditan jaso ditu David Gartziak Antxintxika kroseko helmugan besoak. Baina gaur beste ediziotan baino gehiago estutu behar izan ditu hortzak, batez ere Aitor Mimentza eta Txomin Marañon azken metroetara arte gainean izan dituelako. Sari banaketan argitu du zergatia: "Duela bi hilabete hil zitzaidan ama, eta ezin izan dut lasterketa bestetan moduan prestatu. Hala, amari eskaini gura diot garaipen hau". Emakumezkotan, ostera, mendian besteko indartsua dela erakutsi du Maite Maiorak errepidean.

Hamaikagarren edizio honetan ere Antxintxikako antolatzaileek "ez dago dortsalik" kartela jarri behar izan diote lasterketari. 500 laguneko kupoa beteta, eta eguraldia ederra lagun, edizio borobila izan da gaurkoa. Eta lehiatua, gainera. Lehenengoak irteten handbikeko modalitatekoak izan dira, eta hor Jon Galarragak erraz irabazi du, bost minutuko aldeaz (22:00): "Datorren astean Behobian izango naiz, eta ez dut aurrean ibiltzeko halako aukerarik izango", aitortu du amaieran. Emakumezkotan, berriz, Jone Basterra izan da onena (37:10).

Lasterketan azkarrenak izan diren protagonistak.

Patinatzaileen artean ere koadrila ederra batu da irteera puntuan, eta hor gasteiztarrak izan dira onenak, gizonezkoetan Mikel Solas gasteiztarra (19:47) eta emakumezkotan Berezi Martinez de la Fuente nagusitu direlako.

Eta 17:00etan hasi dute lasterketa korrikalariek. Tartean oilar koadrila ona, eta iazko faboritoa: David Gartzia durangarra. Bada, azken kilometrora arte 4 laguneko taldea batera iritsi da, eta azken kilometro horretan, Bergarako kaleetan zehar, Gartziak Aitor Mimentzari utzi dio erritmoa jartzeko ardura nagusia. Txomin Marañonek amore eman du, eta Mimentza Gartzia atzean uzten ahalegindu bada ere, ez du lortu. Hala, Ibargarai atzean utzi eta Migel Altuna institutuko tunela pasatzeaz batera erritmoa aldatu du Gartziak, eta hor, Domingo Iralara bidean dagoen 50 metroko maldaz baliatu da kontrarioari min egiteko. Azken metroetan oso korrikalari indartsua dela berretsi du, nahiz eta sasoi betean egon ez, helmugara lehenengo iristeko kapaz izan da.

Irteerako irudiak, Soraluzen.

Emakumezkoetan, ostera, mendian denboraldi ikusgarria egin duen Maite Maiorak erakustaldi polita egin du. Espainiako  txapeldun, Skyrunning lasterketan bigarren... Hori guztia –eta gehiago– lortzeko gogor entrenatu du, eta atseden hartu ostean orain errepideko denboraldia hasi berri badu ere, Maiorak hori eta gehiago egiteko sasoia dauka: "Ez da distantzia aproposa niretako, oso motza da. 10 kilometrotan edo 30 kilometrotan erritmo bera dut, ez naiz halako lasterketa batean azkarrago joateko kapaz, baina erritmo horretan ondo irabazi ahal izan dut". 

Sailkapen osoa, hemen.

[Domekan informazioa osotuko dugu; lasterketaren gaineko erreportaje zabala astelehenean, 22:00etan, Harmailatik saioan.

Erlazionatuak

Antxintxika lasterka, amari eskainitako garaipena

Oihana Elorza Gorostiza 2015 aza 01 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak