Aurtengorako ere antolatu du Jardun Euskara Elkarteak Euskarazko Liburuen Truke Azoka. Ekimenaren helburu nagusia da euskarazko liburuen irakurketa susperraraztea, liburuen berrerabilpena ere bultzatuz, kasu honetan.
Bakoitzak dagoeneko erabili ez eta egoera onean eta osorik dituen liburuak Jardunen bulegora eraman ditzake. Liburuak ze adin tarterako diren egokiak ikusiko dute, eta sailkatu egingo dituzte, hiru multzotan; haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako liburuak bereiziko dituzte. Eramandako liburu bakoitzeko, txartel bat jasoko du liburua daramanak, eta haren ordez multzo bereko beste liburu bat hartzeko balioko du txartelak.
Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dituzte. Liburuek euskaraz izan beharko dute derrigor, eta ez dituzte onartuko ez sexu bereizketarik edo indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten duten libururik, ezta ikas libururik ere.
Liburuak jasotzeko epea izango da azaroaren 2tik 19ra, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara –egubakoitzetan 18:00ak arte–. Truke azoka bera azaroaren 20an izango da, 18:00etatik 20:00etara, San Martin plazan.