Izan ere, bisita ugari jasotzen ari da Simon Arrieta pintore bergararraren erakusketa monografikoa eta jarduera osagarri bat antolatu dute zapaturako, urriaren 24rako, arratsaldeko seietan. Bisita berezia izango da, Miguel Angel Elkoroberezibar eta Luis Laskurain bertan egongo baitira, liburuaren idazlea eta erakusketaren komisarioa, hain zuzen ere.
"Bergarako arte-kultura eta azken hamarkadetako herriko artisten zerrenda bukaezina adorearen eta Arrietak berak bultzatu zuen artearekiko zaletasunaren transmisioaren fruitu dira". Hala zioen Miguel Angel Elkoroberezibar berak, erakusketaren katalogoaren sarreran.
Jende guztiari irekita egongo den bisita gidatu honetan, Elkoroberezibarrek eragin horretaz eta Bergarako historia hurbilaz hitz egingo du, pinturaren ikuspegitik.
Luis Laskurainek, berriz, Arrietaren erretratu eta paisaien aurrean, xehetasunez azalduko du obraren atzean dagoen teknika: kolorearen aukeraketa, egileak aukeratutako perspektibak… Simon Arrietaren obra dotore eta gertukoaren barruan dauden trikimailuak argituko ditu.