Domekakoa (09:00, Agorrosinen) Bergarakoen hirugarren martxa izango da. Aurreko biek kedada formatua izan zuten, eta arrakasta ikusita, oraingoa formalago antolatuko dute: "Gorla, Karakate eta Elosumendiko paisaia ederrak zeharkatuko ditu ibilbideak, eta tramu ezberdinak izango ditu; Aldapa gogorrak, pedalak astindu ahal izateko zati azkarrak, bidezidor politak... Luze egiten zaion norbait bada ibilbidea mozteko aukera izango du birritan; horrela, ibilbide luzeak 38km eta goranzko 1.550 metro pilatuko ditu, eta motzak 30km eta 1.200 metroko desnibela", adierazi dute antolaketako lagunek. Ohi moduan, ibilbidean zehar antolatzaileek anoa postuak jarriko dituzte indarrak berreskuratzeko, eta horrekin batera, amaieran bizikletak garbitzeko mangerak egongo dira, eta luncha.
Aspanogirekin elkarlanean
Gainera, Aspanogi elkarteak Zarautzen antolatzen duen Mobibike egunarekin bat egiteko asmoarekin, martxan parte hartuko duen biker bakoitzeko euro bat emango zaio haur minbiziaren aurka borrokatzen duen erakunde honi.