Merkatari eta diseinatzaileen produktuak eta lana, pasarelara

Julen Iriondo 2015ko urr. 16a, 10:38
Iazko maiatzeko desfileko irudi bat.

Bihar –zapatua– gauean izango da Bergara Bizi ekimenaren desfilea, frontoian. San Martin plazan egitekoa zen arren, aldatu egin dute, eguraldiagatik. Herriko 34 komertziok hartuko dute parte, eta 116 modelok. 22:00etan hasiko da.

#BergaraBizi

Sare sozialetan ere izango du oihartzuna desfileak. Twitterren eta Instagramen #BergaraBizi traol-berba proposatu du Bedelkarrek. Etiketa horrekin sareratzen diren argazkiekin lehiaketa egingo da, 50 euroko sariarekin.

Iritsi da. Bihar –zapatua– gaueko 22:00etan izango da Bedelkarrek eta Bergara Bizik –Udalaren, Jaurlaritzaren eta Goienaren laguntzarekin– antolatutako Udazken-neguko Moda eta Diseinu Berrien Desfilea. Azken prestakizunetan ibili dira aste osoan –zenbait, plazatik frontoirako aldaketak eragindako egokitzapenak–, eta desfilean parte hartuko duten herriko 34 komertzioen eta haien produktuak eta lana erakutsiz aterako diren modeloen –116 denera– txanda da orain; baita desfilearen bigarren edizio honetan eurek egindako arropak aurkeztuko dituzten herriko hiru diseinatzaileena ere. 

Hori da, hain justu, aurtengo nobedade nagusietakoa: Iraide Birumbralesek, Itziar Martinezek eta Eli Gallastegik lanean jardun dute hainbat astez Anezka akademian –bertako Ana Parrarekin–, eta lan horren emaitza ikusteko aukera ere izango da bihar. Ez bakarrik ikusi; epaimahai batek lanik gustukoena aukeratuko du, eta 200 euroko saria egongo da irabazlearentzat.

Bestela, aurtengo beste berrikuntza da komertzio bakoitzak, bakarka, bere tartea izango duela pasarelan. Iaz, modelo batek aldi berean denda bateko arropak eta beste bateko zapatak eraman zitzakeen, adibidez; oraingoan, berriz, aldiro gauza bakarrari jarri beharko zaio arreta. Ondorengoak dira desfilean parte hartuko duten komertzioak: Amua, Anezka, Annika, Jo'Ka, Jolas, Kilika, Laket, Mirari, Mujika Sastreria, Xuxu eta Zubikua jantzi dendak; Subijai, umeentzako jantzi denda; Alga eta Igaro lurrindegiak; Amparo, Bego & Marije, Jean Louis David, Keixa, Miluk eta Sanchez ile apaindegiak; Bitan eta Igarza lentzeriak –iaz ez zen lentzeriarik egon–; Bolintxo, Jauja eta Xamartin kirol dendak; Galarreta, Lonbide eta Maka oinetako dendak; Giartzu estetika zentroa; Instituto Optico eta Manso optikak; KB Photoestudio  argazki denda; Ninika loradenda; eta Sugoi bazarra.

Arropei eta aurtengo tendentziei buruz, desfilearen antolakuntzan ibili den Zubikua dendako Edurne Gallastegik dio aurtengo udazken eta neguko denboraldian kolore ilunak eramango direla: "Beltza, grisa, granatea asko dago, berdea ere piska bat bai... Neoprenoa sartu da asko, eta plumiferoak, berokiak, kapak, pontxoak...". 

Desfileak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du, eta musika eta argiz girotutako modeloen joan-etorriez gain, Camden Town dantza akademiaren saiotxoa ere izango du.

Argazki lehiaketa 

Bestetik, argazki lehiaketa ere antolatu dute aurten: #BergaraBizi traola erabiliz Twitterrera eta Instagramera desfileko argazkiak igo ahal izango dira; argazkiak Goinea.eus atariko Bergara Bizi blogean argitaratuko dira, eta bertara sartzen direnek argazkirik gustukoena aukeratu ahal izango dute. 50 euroko saria izango du irabazleak, Udalak emandakoa. Lehiaketarako epeak dira urriaren 21a argazkiak sare sozialetara igotzeko eta urriaren 26a botoa emateko.

Desfilea Goiena telebistan 

Bergarako Udazken-neguko Moda eta Diseinu Berrien Desfilea hurrengo eguaztenean, hilak 21, emango du Goiena telebistak, oso-osorik, 22:00etan. Horrez gain, frontoian bertan kokatuko dituzten bi pantaila handitan zuzenean emango dute, ikusleak xehetasunez ere jabe daitezen lagungarri izan dadin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak