Hizki berekin egindako bi hizkuntzatako esaldiek algara eragin dute Bergarako gaztetxean

Markos Gimeno, atzo Bergarako Kartzela Zaharrean.

Jakin mina aurrena; harridura eta barre algara gero. Ziklo horretan behin eta berriz murgildurik, ordu erdiz, izan zituen atzo arratsaldean Kartzela Zaharrean bildutakoak Markos Gimenok, SkizopozikS ikuskizunarekin.

Osagarri deigarriekin atondutako itxura bereziz, ondorengo jolasa aurkezten dio publikoari Gimenok: testu bat ematen du euskaraz edo gazteleraz, behin baino gehiagotan errepikatuz; kontua zera da, testu horretako hizkiek, hurrenkera berean baina desberdin multzokatuta –hitz desberdinak osatuz, alegia–, zentzua dutela beste hizkuntzan ere. 

Testuak doinu bereziz errezitatuz, batzuetan objektu soil batzuk ikuskizunaren osagarri, aurreneko hizkuntzan ematean hura beste hizkuntzan zer izan daitekeen asmatu nahi izatera eramaten du publikoa, bere keinu eta interpretazio bitxiekin lagunduta. Horrelako hogei adibide eman zituen Gimenok Zibergarak antolatutako ikuskizunean.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.