Lizarralderendako esperientzia hartzeko urtea izan da, eta Muriasekin Kontinental mailan lehiatzeaz batera Espainiako selekzioaz ere jardun du (23 urtez azpikoetan), abuztu amaieran, Etorkizuneko Tourrean. Hor, selekzioko taldekideen lanari esker Marc Soler (Movistar) kataluniarrak mailot horia irabazi zuen, eta selekzioko seikoteak etorkizun galanta dutela erakutsi zuen: Lizarraldek taldea osatu zuen Imanol Estevez, Julen Amezketa, Cristian Rodriguez, Fernando Barcelo eta Marc Soler ziklistekin.
Etorkizuna zehazteke dago
Errepidean batutako urte onaz gozatuta, baina, ikusteke dago Bergarakoa non egongo den datorren denboraldian: "Orain opor egun batzuez gozatuko dut; badakigu taldeak jarraituko duela, baina ziklistoi ez digute ezer aurreratu; oporretatik bueltan emango dizkigu Odriozolak xehetasunak".
Berez Murias proiektua ez zen urtebeterako bakarrik jaio, eta konfirmatuta dago 2016an errepidean egongo direla, baina oraindik ez dute kategoria zehaztu. hau da, ikusteko dago Muriasek Kontinental mailan jarraituko duen, ala Kontinental profesional mailan.
Odriozolak berak proiektua egonkortzea gura du, ze mailatan egongo diren jakiteaz itsutu barik, baina ez du saltoa 2016an izan daitekeela baztertzen. Hala, hainbat mediotan azaldu moduan bi milioi eta erdi beharko lituzkete salto hori emateko, eta ametsa bete ahal izateko: Euskal Herriko Itzulian parte hartzea.
Urte positiboa
Odriozolak berak urtearen balorazio positiboa egin du: "Egutegi on bat izatea zen benetan garrantzitsua, maila handiko lasterketetan parte hartuz, eta hori lortu dugu".