Simon Arrieta margolaria jaio zela 100 urte bete dira aurten. Beart elkarteak, Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean artistaren lana eta ondarea ezagutzera emateko hainbat ekimen antolatu dituzte. Liburu bat eta Donostian eta Bergaran ikusi ahalko den erakusketa dira ahaleginaren fruitua.
Simon Arrieta 1915-1969 liburua Migel Angel Elkoroberezibarrek idatzi du eta Bergarako Udalak argitaratu. 192 orritan margolariaren ibilbide biografikoa eta artistikoa jaso du egileak. Bilduma horrekin Elkoroberezibarrek dio Euskal Herriko panorama artistikoan "bere lekua berreskuratzea" lortuko duela. Liburua gaur aurkeztuko dute 19:30ean pleno aretoan eta Juan Jesus Alberdi, Bergarako alkatea eta Juanjo Altuna, Beart Bergarako artisten elkarteko lehendakariak egingo dute liburuaren aurkezpena, egilearekin batera. Liburua bera ekitaldian egongo da salgai eta bihartik aurrera Kultur Etxean ere eskuratu ahalko da eta baita erakusketan ere.
Erakusketa Donostian
Erakusketa, berriz, bihar irekiko dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneko Ganbara aretoan. Han egongo da mostra azaroaren 14ra arte. Luis Laskurain margolariak egin ditu komisario lanak eta 28 olio, 3 marrazki eta haren katalogoak, paletak eta lanabesak ere jaso dira, bitxikeria modura. Azaroaren 20an Bergarako Aroztegi aretoan irekiko dute erakusketa bera eta abenduaren 20ra arte egongo da zabalik.