Ane Egino, Martxanterak: "Patriarkatuak eskura dituen arma eta tresna guztiak jarri ditu martxan"

Ubane Madera 2015ko urr. 2a, 09:51

Gure gorputzak, gure territorioak. Martxan jarraituko dugu denok aske izan arte! lelopean Martxoaren 8an abiatu zen Kurdistandik Emakumeen Mundu Martxako Europako karabana. Asteon Euskal Herrira sartu da, eta gaur (egubakoitza) Bergarara (egitaraua taulan). Bost urtetik behin gauzatzen den nazioarteko ekimena abiapuntu, feminismoaren erretratua egin dute Bergarako Martxanterak taldeko kideek.  

Zein da Debagoieneko mugimendu feministaren egoera?

Bazegoen gogoa eta kezka mugimendu feministari dagokionez Bergaran; baina, batetik, ez genuen elkar ezagutzen, eta, bestetik, ez zegoen elkargunerik. Emakumeen Mundu Martxa aldarrikapen zein emakume ezberdin gehien batzen dituen plataforma da; malgua da, herri bakoitzean dagoen mugimenduei heltzeko. Bestalde, Oñatin eta Arrasaten historikoki mugimendu feministak izan du garrantzia. Egun, Oñatin, bi talde daude. Baina orain arte ez da herrietako mugimendu eta norbanakoen elkarlanik egon. Iaz urrian Martxanterak sortu zen Bergaran. Eta hilabete honetan lehentasuna eman diogu martxa dinamizatzeari. Emakumeen Mundu Martxan, talde baten parte zirenak zein norbanako modura gerturatu diren emakumeak batu gara, adin, jatorri eta esperientzia askotarikoak.

Gaur urrats moreak izango dira Debagoienean. Baina bihar, zer? 

Oso positiboa izan da Debagoieneko feministak ezagutzea eta elkarlanean aritzea. Honen ostean, elkarlanak fruitu asko eman ditzakeela ikusi dugu. Elkarlanean gauzak eraikitzeko momentu egokia izan daitekeela uste dugu; izan ere, herri desberdinetako feministon gogoa, esperientziak eta baliabideak elkartuz, saretxo bat osatu dugu. Hala ere, martxa igaro ostean, aurrera begirako pausoak guztion artean zehaztu beharko genituzke. 

Bizitza pribatuko zeregin nagusiak andreek betetzen segitzen dute, eta bizitza publikoan, gizonek. Egin dira hori iraultzeko saiakerak; eraginkorrak dira, baina?

Ekintza puntualek badute eragina, baina gaia konplexua da. Egitura oso batek sostengatzen du patriarkatua. Errealitateari aurre egiteko orduan beharrezkoa da ikuspegi zabalagoa. Egoeraren jatorrian emakumeen eskubideak zapaltzen, lana isilarazten eta gorputza zein sexualitatea kontrolatzen dituen sistema oso bat dagoela onartzen ez dugun bitartean, ezingo dugu benetan eraginkorra izango den aurrerapausorik eman. Norabide horretan lan egiten dugu mugimendu feministek. Zentzu horretan, oso positiboki baloratzen ditugu Emakumeen Mundu Martxa bezalako ekimenak, gizartean oihartzun handia dute eta. Martxaren aldarrikapenetako bat bizitzaren iraunkortasuna da. Bizitza erdigunean kokatzearen aldeko apustua egiten du, ikusezinak diren lanak, bizitzari eusten diotenak eta sistema kapitalista sostengatzen dutenak ikusgarri eginda. 

Ezin aipatzeke utzi indarkeria. Benetan, bagabiltza aurrera egiten?

Emakumeen Mundu Martxak ondo ikusarazi duen moduan, sistema globalizatu eta kapitalista honen baitan mota askotako indarkeriak elkarlotzen dira: indarkeria matxista, arrazakeria, homofobia… Indarkeria beti egon da gizartean, eta, zoritxarrez, gaur egun ere jasaten dugu; indarkeria hori azaleratzeko era da aldatu dena. Eta hori iruditzen zaigu arriskutsuena, zailagoa egiten baitzaigu berau identifikatzea. Patriarkatuak eskura dituen tresna edo arma guztiak jarri ditu martxan; hala, gure egunerokoan etengabe egiten dugu topo zapalkuntzekin, benetan zapalkuntza diren kontzientzia izan gabe. Gazte zein heldu gizarte honen parte diren heinean, estereotipoz eta mitoz inguratuta bizi dira, horiek barneratu eta erreproduzitzera iritsiz. Gazteen tendentzia kezkagarria bada ere, gizarte osoak pairatzen ditu patriarkatuaren ondorioak. Bergarako zenbait ikastetxetan jabetu dira bizi dugun egoerari aurre egiteko beharraz,  eta hezkidetzarekin loturiko proiektuak jarri dituzte martxan. Denon esku dago gaiari behar bezala heltzea, baina kontuan izan behar dugu asko dagoela egiteko eta denbora ez dagoela gure alde.  


Bergarako egitaraua

13:00 Martxaren iritsiera: Ibilbidea: Amillaga-Oxirondo- Herrilagunak -Ibargarai- Espoloia-San Pedro- Barrenkalea-San Martin Agirre plaza.

13:45 Ekitaldia plazan

14.30 Bazkaria

15.30 Dantzak eta antzezlana.

18:00 Women in black performancea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak