Ernai kaleko garajeetako lapurretak egubakoitz gauetik zapatu goizaldera bitartean gertatu ziren, bizilagun batek udaltzaingoari jakinarazitakoaren arabera. Ustez, Opel Vectra bat eta Volkswagen Turan bat eraman zituzten lapurrek eta lur azpiko garaje horietan aparkatuta zeuden beste auto askotan sartu egin ziren. Baita inguruko etxabe ia guztietan ere.
Ertzaintza dabil gertatutakoa ikertzen.
Enpresa eta baserri banatan
Labegaraietako lapurreta saiakera, berriz, atzo eguerdian izan zela aditzera eman du Segurtasun Sailak. Hain zuzen ere, eguerdi inguruan aluminiozko leiho bat apurtuta sartzen saiatu ziren lapurrak Telleria kaleko margo-enpresa batean, baina ez zuten ezer lapurtzerik lortu.
Bestalde, Bergaran izandako beste lapurreta saiakera baten berri ere badu Segurtasun Sailak. Azken hori Angiozarko baserri batean gertatutakoa. Antza, iluntzean jabea etxeratu zenean ikusi zuen barrura sartu zela norbait, besteak beste, logela gainezka zegoen, nahiz eta hori bai, baserri-jabeak ezer ere ez zuen faltan igarri. Bergarako Udaltzaingoaren esanetan, gertakari hau joan den astean izan zen.