Gaurko norgehiagoka Agorrosinen jokatu ordez, Ipintzako zelaian egin dute, baina hori ez da izan etxeko taldeak lehen zatian erakutsitako jokoaren erantzule, izan ere, aste osoan zehar bertan entrenatu dute. Entrenamenduetan landutako joko zuzena zelairatzea ez dutela ehuneko ehunean lortu esan du Juaristik, eta partiduaren hasieran tolosarrak "gehiago" izan direla ere bai. Gauzak horrela, tolosarrak markagailuan gol bat aurretik zirela iritsi da atsedenaldia.
Dena den, bigarren zatian jokalari aldaketak iritsi dira –guztira 5 egin ditu Juaristik– eta aulkian zeuden jokalariek taldea indarberritu dute. Berehala nabaritu da etxekoen jokoan, baita markagailuan ere. Guztira, 3 gol sartu dituzte bigarren zatian: horietako bat penaltiz eta beste bat partida amaitzeko minutu gutxiren faltan. Izan ere, lehia estua izan dute bi taldeek azken segundoraino, inork ez baitzien puntuei ihes egiten utzi nahi. Entrenatzailearen ustez, bigarren zatian erakutsitako dinamikak izan behar du aurrerantzean taldearena ere.
Denboraldia ondo hasteko bultzada
Sailkapen orokorrari begira, partiduak irabaztearen garrantzia azpimarratu du entrenatzaileak eta gaineratu du, horretarako, hamaikako indartsua izateaz gain, aulkian dauden jokalariak ere maila berean egon behar direla. Izan ere, taldearen helburu nagusia "ahal den lekutik puntuak ateratzen joatea" da orain, eta Juaristik uste du gerora hasiko dela taldea pixkanaka forma hartzen.
Juaristik bost urte daramatza erregional preferente mailan entrenatzaile gisa eta ondo ezagutzen du, baina aurten du lehen denboraldia Bergarako taldearekin, eta beretzat jokalariak eta kluba bera berriak dira. Hala ere, orain arte ikusitakoarekin ideiak argi dauzka: "hilabete honetan zehar ikusi dudanarekin oso gustura nago. Jokalariak oso profesionalak dira eta entrenamenduetan ere dena ematen dute".