Bergarako Podemos zirkuluaren eraketa batzarra egin zuten atzo Irizar jauregian. Herritar batzuk hurbildu ziren zirkulua eratu eta bozeramaileak zein diruzaina izendatzeko batzarrera eta bertan egon ziren Podemoseko beste zenbait ordezkari ere. Tartean egon zen Euskadiko idazkari nagusi Roberto Uriarte, Bergaran dituzten beharrak atzeman eta laguntza emateko asmoz.
Sektore publikoaren defentsa
Uriartek bertatik bertara jarraitu zuen Bergarako Podemosen eraketa eta gogora ekarri zuen zeintzuk diren alderdiaren lehentasun orokorrak: "Gaizkien dagoen jendearen defentsa, batez ere sektore publikoaren defentsa. Ez dadila desegin izan ditugun sektore publikoa, osasun zein hezkuntza aldetik. Gaur egungo eraso guztien kontra egingo dugu eta sektore publikoaren alde. Era berean, erregenerazio politikoa eta eredu ekonomikoaren aldaketa bultzatuko dugu", dio Uriartek.
Euskal gatazkarako "zubi"
Horrez gain, euskal gatazkaren gainean Podemosek zeregina baduela adierazi zuen Euskadiko idazkari nagusiak: "Zubigintza lana egingo dugu, ikuspegi ezberdinak dituztenen edo bata bestearen kontra dauden ikuspuntuen arteko zubigintzan arituko gara. Identitate ezberdinen arteko elkarbizitza sustatuko dugu".
Podemosen lorpenak
Bestalde, pozik agertu zen Uriarte Podemosek orain arte egin dituen bi lorpen nagusiengatik: "Orain arte inplikatzen ez zen jendea inplikatu izana dago batetik. Eta bestetik, oro har lortu dugu besteei orain arte ikusten ez ziren gauzak eginaraztea. Beste alderdi politiko batzuk gure moduak ari dira kopiatzen; esaterako, primariak egiten hasi ginen eta orain alderdi guztiak dabiltza neurri baten primariak egiten. Gardentasuna, regenerazio politikoa... Beste alderdi batzuengan eragiten ari gara eta hori baikorra da".
Atzoko izendapenak
Atzoko batzarrean Frances Mata izendatu zuten lehen bozeramaile, Iñaki de Benito bigarren bozeramaile eta Jose Maria Sasieta hirugarren eledun. Zirkuluaren diru kontuez arduratuko da, bestalde, Luis Migel de Benito. Herritarren parte hartzearen bidez demokrazia errekuperatzeko egingo dute lan eta herritarren erraminta ireki bat izatea gura dute. Eta gainera, sentsibilitate ezberdineko jendearen bilgune izatea nahi dute.
Espainiako hauteskundeak
Era berean, abenduaren 20ko Espainiako hauteskundeetan jokoan asko dagoela uste du Podemosen Euskadiko ordezkari nagusiak: "Hauteskunde hauetan ez dago estatua bakarrik jokoan, Europara ere begira gabiltza, bereziki hegoaldeko Europara. Badago aukera austeritatearen politikaren kontra egiteko, Merkeli aurpegia emateko. Oso garrantzitsua da Rajoi gobernutik kentzea; egun bipartidismoaren aurkako alternatiba erreal bakarra da Pablo Iglesiasen proiektua. Hori sinesten dugu guk behintzat", gaineratu du.