"Senior eta junior taldeak dauden mailan mantentzea da helburua", jakinarazi du Marian Melladok, saskibaloi saileko arduradunak. Bederatzi talderekin ekingo diote denboraldiari eta hamargarrena osatzen dabiltza. "Eskola kiroleko 36 neska-mutiko izan genituen iaz, eta horiek edo gehiago izango dira aurten. Harrobia hor dago eta ondo zaindu gura ditugu ume horiek, hortaz, gogotsu jarraituko dugu horiekin lanean", gaineratu du.
Jon Beiztegik hartu du seniorren gidaritza, hain zuzen iazko denboraldian Gipuzkoako lehenengo mailara igo zen taldearena. Helburu lortezinik finkatu barik lanaren alde agertu da: "Poliki-poliki egingo diogu aurre denboraldiari, lehenengo jokalariak ezagutu behar ditut eta horiekin lanean hasi. Iaz igota, mailari eustea da gure helburua".
Saskibaloia herritarrei erakusten
Saskibaloiak ere baduela lekua Bergaran erakusteko San Martin plazan egin dute aurkezpen ekitaldia, hain zuzen plaza lepo beteta zegoela: "Urtean zehar ere hainbat ekintza egiten jarraituko dugu saskibaloia herritarrei gerturatzeko, hiru txapelketa esaterako", esan du Melladok.