"Dispertsioak 26 urte bete ditu eta aske geratu berri diren Jose Luis Elkoro eta Iñaki Arietaleanizbeaskoa 'Bixkai' gogoan hartzeaz gain, batez ere presoen senideekin oroitu gura izan ditugu, baita gure berotasuna helarazi ere", diote Bergarako presoen eta iheslarien lagunek atzo gauerako Udal pilotalekuan antolatu zuten afariaz.
300 pertsona baino gehiago elkartu ziren ekitaldian, tartean, Elkoro eta Bixkai. Afaltzeaz gain, omenaldia ere egin zieten aske geratu diren bi presoen zein oraindik ere preso jarraitzen duten bi bergararren, Jose Migel Gazteluren eta Mikel Askasibarren, senideei. Herriko hainbat eragilek, gainera, opariak eman zizkieten Elkorori eta Bixkai-ri. Afariaren ostean, dantzaldia ere egon zen Julen Narbaizak jarritako musikarekin.