San Matei ermitako jaiak ospatzen ari dira gaur, zapatua, Bergarako Ubera auzokoak. Goizean Uberatik San Matei ermitara oinez eta trikiti doinuen laguntzarekin igo ostean, meza nagusia izan dute; apaizaren atzerapenagatik, espero baino beranduago hasi den meza.
Mezaz gain, pintxoekin sabela betetzeko aukera izan dute auzotarrek, baita elkarren artean lehian ibiltzekoa ere. Helduak bola-jokoan ibili dira eta Jesus Elortza izan da trebeena, sei txirlo botata. Umeek ere izan dituzte bestelako jolasak eta kasu honetan, Maddi Elortza, Xabi Etxabarri eta Liher Gutierrez.
Bazkaltzeko ermitan bertan elkartu dira 50 auzotar inguru eta kantuz girotu dute bazkalostea. Arratsalde partean, aldiz, helduendako jokoen txanda izango da eta kasu honetan, garrantzitsuena ez da irabaztea izango, ez galtzea baizik. izan ere, galtzen duenak gaueko afarirako berakatz zopa prestatu beharko du.