Igerileku handiak milioi bat litro ditu eta txikiak ia 300.000. Eta eguaztena eta eguena artean hustu dituzte horiek. "Aluminio herdoilgaitzez egindakoa da eta barrutik PVCrekin babestuta dago. Azpitik ikusi egin daiteke ura nondik galtzen duen eta ikusten ari ginen PVCa zulatu, aluminioa pasatu eta ura galtzen zebilela. Konpondu beharreko egoera zen eta horri heltzea erabaki dugu garbitasun lanak aprobetxatuta", jakinarazi du Udaleko kirol teknikaria den Iñaki. Ugarteburuk. Alpe Pools enpresako langileak dabiltza horretan.
Spa eta kanpoko igerilekua, ostera, zabalik daude. Eguraldiak laguntzen badu behintzat barrukoa gertu egon arte mantenduko dute zabalik kanpokoa: "Lanak ondo bidean direla hilaren 17rako zabalik izango ditugu barrukoak eta orduan itxiko ditugu besteak". Lan horiek egin bitartean kiroldegiko beste hainbat guneren mantentze lanak ere egingo dituzte egunotan: "Hala, erabiltzaileei traba gutxiago sortuz".
Arrasatera joateko aukera
Herriko igerilariak Arrasateko Musakola kiroldegiko igerilekura joan ahal izango dira Bergarakoa itxita dagoen bitartean. "Hori bai, Arrasaten kanpoko igerilekuak bakarrik dituzte zabalik eta hara joan beharko dute", jakinarazi du Ugarteburuk. Kirol abonu arruta eta osoa dutenak joan ahal izango dira, eta ez dute inongo tramitazio administratiborik egin beharrik izango. Ordutegia da 10:00etatik 16:00etara. Edozein argibide gura izanez gero Agorrosinera dei egin daiteke (943 77 70 95) edo mezu bat bidali honako helbidera: iugarteburu@bergara.eus.
4.000 abonatu Agorrosinek
Erabiltzaile asko ditu igerilekuak. Handiak, 21x25 metroko neurriarekin, hamar kale ditu eta bergarar asko hurreratzen da urtean zehar hara. "Erabiltzaile kopuru benetan polita daukagu. 7:00etatik 22:00etara bitartean dute zabalik eta beti dago jendea", dio eta gaineratu du: "Igeriketa eskolan gainera, 200 eta 300 ume artean daude; klubean beste 100 bat ume eta gazte; eta helduen ikastaroetan ere asko".
Agorrosin kiroldegiak 4.000 bat abonatu ditu urtean zehar eta udan gehiago: "Aurten 5.000tik gora izan ditugu", dio kirol teknikariak pozik. Egunotan jarriko dituzte abian denboraldiko jarduera asko, eta Ugarteburuk bergarar guztiak gonbidatu gura ditu Agorrosinera hurreratu eta kirola egitera.