Maila handiko futbol eta saskibaloi ikuskizunak izango dira Bergaran

Leire Kortabarria 2015ko abu. 19a, 08:00
Realaren emakumezkoen taldea. (Argazkia: Real Sociedad).

Maila handiko kirol ikuskizun bikainez gozatu ahal izango dute zaleek datozen asteotan. Abuztuaren 26an, eguaztena, Realaren emakumezkoen taldeak jokatuko du herrian, EDFren (Escuela de Fútbol Logroño) aurka, Bergara Kirol Elkarteak antolatuta. Eta irailean, Gipuzkoa Basket eta Laboral Kutxa Baskoniaren saskibaloi partidua izango da.

Lehen mailan jokatzen du Realaren emakumezkoen taldeak, eta bigarrenean, EDFrenak. Partidu hori Debagoienean "berritasuna" izango dela azpimarratu du Bergara Kirol Elkarteko presidente Pedro Ricok, izan ere, Real Sociedaden emakumezkoen taldeak lehenengo aldiz jokatuko du bailaran.

Partidua zaleendako "oso erakargarria" izango dela uste du Ricok. "Orain arte, Eibarrek, Realaren lehen taldeak… jokatu izan dute Bergaran lagunarteko partiduren bat. Zaleek asko eskertzen dituzte norgehiagoka horiek", esan du antolatzaileak.

Partidua hilaren 26an izango da, 19:00etan, Bergarako futbol zelaian, eta txartelak bertan bakarrik salduko dira, ez aurretik; 3 eurotan salduko dituzte, "gastuak estaltzeko", dio Pedro Ricok.

Saskibaloizaleek irailaren 15ean izango dute ikuskizun apartaz gozatzeko aukera, Gipuzkoa Basket eta Laboral Kutxa Baskonia taldeek jokatuko duten partiduarekin. Labegaraietako kiroldegian izango da, 18:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak