Zorionak, Mikel!
Eskerrik asko.
Espero zenuen halako emaitzarik?
Ba irabazteko helburuarekin joan ginen, baina egia esan lehenengo egunak ez ziren joan guztiz ondo, eta ez genuen espero hemen horren ondo bukatzerik.
Etxera etorrita zara dagoeneko?
Ez, Nojan nago. Familia hemen egoten da eta eurengana etorri naiz. Gaur entrenatzen, suabe, paseatzen, ze laster ditut hurrengo hitzorduak.
Zein?
Udako kriteriuma.
Hortaz, besteak beste, Aretxabaletako itzulian parte hartuko duzu? Lemoizen hasita?
Bai. Ez dakit seguru Lemoizko etapan parte hartuko dudan, akaso hiruretan ez naiz izango, baina beste bietan bai, beraz, Aretxabaletan ere bai.
Atzo eskuratutako moduko garaipenek profesionaletara salto egiteko ateak zabaltzen laguntzen dute, ezta?
Argi dago karrera garrantzitsua dela, eta horrelako garaipenak badirela oso garrantzitsuak, baina era berean oso zaila da profesionaletara pasatzea.
Beraz, ze aurreikuspen duzu denboraldi berrirako?
Ba egia esan, ez dakit ze plan izango dudan. Dena ondo baino hobeto joaten bada, profesionalekin batera lehiatuko naiz eta bestela, ba pentsatzen nabil zer egin. Kontua da ni nagoela 23 urtez azpikoen mailan, baina behin 23 urteak beteta elite mailara pasatuko naiz. Eta maila horretan asko murrizten da profesional mailara pasatzeko aukera.
Zer ba?
Txirrindularitzan 23 urterekin ja X osoarekin ez, baina X erdiarekin markatuta zaude. Nahiz eta egia den 30 urtera bitartean, 28-29 urterekin ematen dela mailarik onena, baina… Edozein modutan, ez naiz ikusten bizikletatik kanpo… Hau da urtea. Bai. Hau izango da urte erabakigarria.
Toledoko podium-ean Indurainekin eta Bahamontesekin ikusi zaitugu…
Bai, eta izugarrizkoa izan da. Lehenago ere edukita nuen Migelekin egoteko aukera, 2011n, Soraluzen San Andresko igoera irabazi nuenean berak eman zidan garaikurra. Eta izugarrizkoa da.
Toledokoa zure karrerako garaipenik inportanteena izan da?
Izenagatik bai. Ze ez da izan etapa bat irabaztea, baizik eta lau egunetako karrera batean, sailkapen nagusian irabaztea. Gainera, urte guztian maila txukunean ibili naiz eta garaipen honek erakusten du orain ere maila oso txukunean nagoela.
Besterik gura baduzu gaineratu…
Bai, eskerrak eman nahi dizkiot Euskadi Fundazioari, ze primeran gaude denok bertan, oso ondo zaintzen gaituzte.