"Azken urteotan gero eta gutxiagok parte hartzen genuen, iaz 20 batek edo. Baina aurten, 50. urteurrena dela-eta, 40-42 bat lagun izango gara"; pozik eman du datua Iñaki Arregik, biharko ekimenaren antolatzaileetako batek.
Txarrantxan, bazkaria
Egitarau mardula prestatu dute ospakizunerako: San Martzialen hasiko dute eguna, 11:00etan, erromeria eta bolo-jokoarekin. "Bergarako leku estimatua da, garai honetan baketsua izaten da, eta horregatik egin izan dugu bertan", esplikatu du Iñaki Arregik.
Hala, bertan eurek egindako pintxoak-eta jan ondoren, Ozaeta auzora jaitsiko dira. "Batzuk adinean aurrera doaz, eta San Martzial ibiltzeko trakets samarra da, horregatik aurten aukera izango dute ospakizun nagusia auzoan egiteko", azaldu du Arregik.
Han, Ozaetan, 13:00etan dute lehen hitzordua, Aitorren zelaian argazkia ateratzeko. Txikiteoa egiteko asmoa dute ondoren, "auzoko Josu soinujoleak" lagunduta, eta 14:30ak aldera bazkalduko dute, Txarrantxan. Han ere musika eta bestelako animazioren bat izango dituzte.
Kartetan eta txikiteoan
Karta-jokoa arratsalde parterako laga dute, 17:30erako; izan ere, auzoko gainontzeko koadrilek 19:30ean duten txikiteorako ohiturarekin bat egin gura dute eurek ere, "txikiteo umoretsua" eginez. Bukatu, berriz, 21:00etan bukatuko dute jaialdia.
Parte hartuko duten guztiak, hori bai, gizonak dira: "Gure aldetik ez dago emakumeendako trabarik, baina badakizu, orain dela 50 urte, elkarteetan-eta, emakumeek aukera gutxi izaten zuten, eta…", esplikatu du Arregik.