Iaz Loreak filmak zabaldutako bidetik, aurtengo Sail Ofizialean eta lehian beste euskarazko film bat egongo da: Asier Altuna Kixi-ren Amama. Gaur iragarri dituzte Madrilen aurtengo jaialdian ikusteko egongo diren filmak. Sail ofizialean, Altunarenarekin batera, Pablo Agüero, Cesc Gay, Marc Recha, Federico Veiroj, Agustí Villaronga eta Alex de la Iglesia zuzendarien filmak proiektatuko dira.
Amama
Filma gatazkari buruzko familiarteko istorioa da. Hiriaren eta landa-gunearen, iraganaren eta orainaren, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkena, hain zuzen. Bizitza ulertzeko bi modu kontrajarri, eta mundua isiltasun elokuenteenetik begiratzen duen amona bat dira ardatzak. Iraia Elias, Amparo Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Kandido Uranga eta Klara Badiola dira filmeko protagonistak.