Belaunaldi bereko Debagoieneko artista batzuek Eibarko beste hainbat artistarekin egin izan dituzten afarietan sortu zen talde-erakusketak egiteko ideia. "Bakarkako erakusketak egin izan ditugu gehienok, taldekakoak ere bai, baina azken horiek, erakundeek edo galeriek antolatuta; lotzen gaituen adiskidetasunak eta bat egiten dugun korronte artistikoak bultzatuta, erabaki genuen elkarrekin lan egitea", azaldu du Rikardo Azkargortak, Bergarako margolariak.
Bihar, egubakoitza, Aroztegi aretoan 19:00etan inauguratuko dutena taldearen laugarren erakusketa da. "Hiperasia izenburuarekin izan zen lehenengoa, Eibarren; Durangon, berriz, bigarrena, Ibilgonia; segidan etorri zen Zumaiako In Oxford; eta Produzio nazionala da Bergarakoa.
Eskulturak eta margolanak
40 eta 60 urte bitarteko ibilbide handiko artistak dira Aroztegi aretoan batutako guztiak. "Bakoitzak lan bakarra erakutsiko du, ez dago-eta gehiagorako tokirik. Eta, gainera, gustuko obraren bat topatuz gero, erosteko aukera ere izango da, egilearekin harremanetan jarrita".
Erakusketako artisten eta obren ezaugarriak
(Iturria: Rikardo Azkargorta)
- Fernando de Vicente (Durango) Margolaria. Pintura espresionista abstraktua egiten du. Bi metroko lana erakutsiko du, zintzilikatuta beharrean, lurrean ezarrita.
- Pello Alberdi (Elgeta) Margolaria. Olio margoak egiten ditu. Zatikatutako azalerako zatien artean sortzen den tentsioa da haren obraren definizioa.
- Marina Barrena (Eibar) Margolaria. Abstrakzioan oinarritutako pintura egiten du. Berniz eta pigmentuekin plastikotasun atmosferiko handia lortzen du.
- Asier Laspiur(Eibar) Instalazio egilea. Aroztegin erakutsiko duen lana gizakiaren hauskortasunaren metafora da.
- Jose Antonio Azpilikueta (Eibar) Margolaria. Olioan egindako figurazio teknikoa. Pintzelkada indartsuekin egindako Eibarko pertsonaia baten irudia erakutsiko du.
- Marino Plaza (Eibar) Eskulturagilea. Zama ironiko handiko egiturak egiten ditu.
- Vicente Iriondo (Eibar) Margolaria. Tenpera-pintura egiten du. Lerroa da haren lanetan oinarri nagusia; bi arlo banatzen dituen muga den lerroa da hori.
- Alberto Ibañez (Eibar) Margolaria. Pintura abstrakzio espresionista egiten du. Grisak protagonista diren obra trinkoa.
- Aitor Etxebarria (Mendaro) Eskulturagilea. Hondakinekin, zementuarekin, berunarekin... askotariko materialekin egindako Povera ezaugarridun obra.
- Jose Felix Igartua (Deba) Margolaria. Formen erritmoarekin eta orbanekin jolas eginda egiten du lan, hainbat irakurketa sortuta horrela.
- Jose Ramon Elortza (Elgoibar) Margolaria. Elementuen abstrakzio geometrikoa; urrunetik airean datozela irudikatzen dute.
- Juan Luis Baroja Collet (Eibar) Eskulturagilea. Metalekin egindako eskulturak. Soldaduraren bitartez mundu naturalaren figura eta forma alegorikoak sortzen ditu.
- Barbara Stammel (Alemania-Getaria) Margolaria. Gizakien aurpegiak du gaitzat. Modu zakarrean eta izaera inpresionistarekin egindakoak dira.
- Keixeta (Zumaia) Eskulturagilea eta margolaria. Eskulturagilea eta margolaria denak, egunerokotasunarekin lotutako elementuak eta seriean ekoiztutakoak arte bihurtuta.
- Aitor Sarasketa (Eibar) Margolaria. Serigrafia abstraktu seriea erakutsiko du. Koloreak du protagonismo osoa, informazio emozional kodigoak sortuta horrela.
- Rikardo Azkargorta (Bergara) Margolaria. Figurazio surrealista izaera duen akuarelaz egindako obra. Koadroan agertzen diren elementu sinbolikoen arteko elkarrizketa.
- Bingen de Pedro (Bergara) Margolaria. Ikusmen-nahasketarako espazioa sortzen duten hiru dimentsioko elementuak.
- Iñigo Arregi (Arrasate) Eskulturagilea. Euskal eskultura korrontearen oinordekoa. Burdina lantzen du, eraikitzeko eta euskal eskultura ulertzeko beste modu bat erakutsita.
- Juan Luis Goikolea (Arrasate) Margolaria. Margolari espresionista. Elementu eta klabe sinbolikoekin betetako lanak egiten ditu.