San Pedro kaleko lokal batera aldatuko du elkarteak bere egoitza, eskriturak sinatu eta beharrezko lanak bukatutakoan, Bittor Alberdi presidenteak azaldu duenez. Hala ere, gaineratu du ez daukatela "inongo presarik", eta ez dute toki aldaketarako datarik finkatu. Gisasola burdindegiaren alboan kokatuta dago lokal berria.
Parte hartze handia
Batzar orokorrean, besteak beste, Pol-Pol elkarteak aurten izandako jardueraren balorazioa ere egin zuten.
Alberdik adierazi duenez, elkartekideak oro har "pozik" daude urtean zehar antolatutako irteerek izan duten parte-hartzearekin. "Beteranoetan hirurogei pertsonatik gora elkartu diren irteerak izan ditugu", dio presidenteak. Irailaren 12 eta 13rako Pirineotara antolatu duten txangoan ere, jada 44 pertsona apuntatu direla nabarmendu du.