Cambrilsen (Tarragona) bizi dira Herzogtarrak, baina Bergarara itzultzea gustuko dute. "Azkenekoz orain dela urtebete inguru egon nintzen. Gabonetan, gainera, familia hor elkartu izan gara, nekazari-etxe batean. Aita hil zen eta ama paraje beroagoetara joan da bizitzera, baina familiako kideok gustuko dugu bertan elkartzea", eta gaineratu du: "Lagun asko dauzkat hor eta zelan ez, oroitzapen mordoa; bihotzak salto egiten dit pasatzen naizen txoko bakoitzean". Azken urteotan herria asko aldatu dela dio: "Irala kalean mila bider ibilia naiz, autoan askotan. Orain oinezkoendako jarri dutela esan didate; herriarendako birika ederra izango da hori".
Kontzertu intimoa
Mikel semeak 20 urte ditu eta Ivanek 17. "Madrilen jaio zen nagusiena baina Bergarako Santa Marinan dago bataiatua. Seguru nago berak ere esan gurako duela hori domekan", dio harro.
Telecinco kateak ekoiztutako La Voz saioari esker egin dira ezagun Herzog anaiak. "Loteria tokatu zitzaien saiorako aukeratu zituztenean. Oso pozik daude han egindako lanarekin, oso pozik egindako lagun guztiekin… Eta orain aurrera begira". Argi dago aitaren pausuak jarraitu gura dituztela, eta horrek gomendatu die ondo gertatzeko. "Mikel dabil pianoko goi mailako ikasketak egiten Bartzelonako lizeoan eta Ivan musika modernoa ikasten Tarragonan".
Los Herzog izenarekin hasi dira kontzertuak ematen eta kontzertu intimoa eskainiko dute etzi, formatu txikikoa: "Pianoak egingo die lagun ahotsei, eta gitarra akustikoa ere erabiliko dute abesti batzuetan. Kantuak izango dira La Voz saioan abestu zituztenak batzuk, eta eurek konposatutakoak beste batzuk. Musika klasikoari ere egingo dizkiote keinutxo batzuk", dio eta gaineratu du: "Eta abesti batzuetan neuk ere egingo diet lagun, hori bai, trabarik egin gabe, orain euren txanda da-eta".
Musika kontuak erdi alboratuta ditu Herzogek eta familiako enpresaren ardura dauka orain, JVS Logistic. "Musika nire bizitza izan da, baina orain atzealdean nabil borrokan, semeekin". Diskoa grabatuko dute horiek aurten. Hamar kantu izango ditu, horietatik bost eurek konposatuak. Prestaketa lanetan hasita daude eta azarorako gertu izatea gurako lukete.