Hainbat bidaia egin ostean, El Jadidan (Maroko) sortu zuen 2012an Vincent Thomasek. "Gertutik ezagutu nuen musika marokoarra Europako hainbat musikarirekin nahastea, fusionatzea, pentsatu nuen. Aurrez genuen Gabacho Connection jazz taldea eta izen berriarekin bataiatuta jaio zen honako proiektu hau".
Zortzikotea taularen gainean
Marokoko eta Afrikako beste herrialde batzuetako musika tresna tradizionalak, perkusioa, metalak, teklatuak, baxua, bateria... doinu horien guztien gainean abestuko du Hamid Moumen maisuak.
Iturri askotatik edaten duten zortzi artistek –horien artean da domekan Arrasaten izan zen eta abuztuan Bergaran kontzertua egingo duen Antonio Lizana flamenko-jazz musikaria– musika bidaia paregabea proposatuko diete kiosko ezagunera hurbiltzen diren zaleei, jazzaren mantapean, muga guztiak gainditzeko bidea emanda. "Gure emanaldiak jarrita entzuteko modukoak dira, baina atseden hartuta etortzeko proposatuko nizueke, esango nuke-eta bat baino gehiago dantzan egitera animatuko dugula. Festa marokoar alai bilakatzen dira gure kontzertuak", gaineratu du Thomasek.
Iaz, 30 jaialditatik gora
Debagoienean lehenekoz joko dute gaur, baina aurreko astean gertu izan ziren: Elorrioko Musikaire jaialdian, hain zuzen ere. Abuztuaren 23an Bidasoako Folk jaialdian izango dira Gabacho Maroconnectioneko lagunak eta hurrengo egunean, berriz, Bilboko jaietan.