Adin guztietako jendea eta kopuru handian batu zituen eguazten arratsaldean Munibe plazan Ganso&Cia konpainiaren Walkman ikuskizunak. Hitzik gabeko clown saioa egin zuen Gorka Gansok, zirkuko zenbait adierazpideren bitartez.
Tarte gustagarri bat pasatzeko aukera izan zuten Muniben bildutakoek, irribarrea ezpainetan. Askotariko emozioak azalerazteko moduko saioa da Gansorena. Eta guztia, esan bezala, hitzik gabe: baina baliabide hori ez erabiltzeak beste batzuk –keinuak, gorputza...– nola indartu ditzakeen ondo erakutsi zuen ikuskizuneko protagonistak.
Ia 100 saio egin ditu Ganso&Ciak ikuskizun honekin, arrakastaz, Euskal Herrian eta baita atzerrian ere, eta Bergarako publikoa ere gustura utzi zuen.
Datozen egunetakoak
Datozen egunetarako, berriz, beste bi saio daude programatuta. Aurrenekoa martitzenean izango da, hilaren 14an: Marta Camon Botellaren flauta kontzertua, 19:00etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
1988an Xixonen jaioa, goi mailako flauta ikasketak ditu, eta flauta ikastaroak eta lezio magistralak ematen ditu Europan barrena. Gaur egun, Andrea Oliva maisu italiarrarekin ari da lanean.
Hurrengo egunean, berriz, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen Kontxo kontxo ikuskizuna egongo da ikusgai San Martin plazan, 19:00etan hasita. Clown batek eta bi augusto-k osatutako hirukoteak barrez leherraraziko ditu haurrak eta haurrak ez direnak. Europako zirkoetan maiz ibilitakoak dira pailazook.