Igerilekuko edukiera gainditzean sortzen diren egoerengatik haserreak

Julen Iriondo 2015ko uzt. 8a, 16:28
Aste honetako irudi bat. (Argazkia: Iker Muruamendiaraz)

Bi aldiz gertatu da aste honetan Agorrosingo kanpoko putzurako sarbidea denbora batez itxi beharra, gehienezko erabiltzaile kopurua ez gainditzeko. 187 pertsonako muga du guneak, "segurtasun arrazoiengatik eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak derrigortuta", Udaleko Kirol sailetik azaldu dutenez.

Hori ez gainditzeko hartutako neurriek eragindako egoerek zenbait erabiltzaileren haserrea eragin dute.
Udaleko Kirol sailetik diote badakitela neurriok hartu beharra ez dela "erabiltzaile askoren gustukoa", baina, derrigortasuna argudiatuta, alternatiba gisa gogorarazten dute barruko igerilekuan ere har daitekeela bainua.

Osterantzean, kanpoko igerilekuaren gehienezko erabiltzaile kopurua betetzen denerako Udalaren Kirol batzordeak onartuta duen jokatzeko modua gogorarazi dute: "Sorosleek bainutokirako sarrera itxi egingo dute; barruko igeritokira zuzenean sartu ahal izateko, alboko sarrerak egokituko dituzte; bainutokitik erabiltzaileak irteten diren neurrian, beste batzuk sartuko dira; bainura sartzeko zain jende kopuru handia egongo balitz –30 lagunetik gora–, itxi denetik 30 minutu pasatu ondoren, irteteko eskatuko zaie bainutokian dauden erabiltzaileei, erabiltzaile berriak sar daitezen".

Eragozpenengatik "barkamena" eta sorosleen esanak betetzea eskatzen dizkie Kirol sailak herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak