Udaleko Euskara batzordeak hainbat urte daramatza herriko argazkiz eta informazioz osatutako egutegia kaleratzen. Aurten ere horrelaxe egingo da eta, batzordeak, zenbait aukera aztertu eta baloratu ondoren, honako gaia proposatu du aurkeztu beharreko argazkientzat: zura.
Zuraren edozein alderdi har liteke: zuhaitz bizia edo basoa, zuraren era guztietako aprobetxamenduak... Argazkia Bergaran ateratakoa izan beharko da edo Bergararekin lotutako motiboren bat agertu beharko da behintzat: Bergarako herritarren bat...
Kontuan hartu beharreko beste zenbait xehetasun:
- Bergaran jaioa den edo bertan bizi den edozein herritarrek aurkeztu ahal izango ditu argazkiak.
- Argazkiaren formatua eta aurkezteko modua: tamaina, 20 x 30; 300 ppp (puntuak hazbeteko); jpg formatuko artxibo digitala. Artxiboak CD edo USB batean aurkeztu behar dira Udaleko Euskara Zerbitzuan.
- Baldintzak: Egutegian erabiltzeko aukeratutako argazkiak ordaindu egingo dira. Bestalde, aukeratutako argazkiak Udal Artxibategian jasota geldituko dira eta Udalak hauek erabiltzeko aukera izango du, beti ere egilearen berri emanez.
- Argazkilariaren kontu izango da, aurkezten dituen argazkiekin lotutako edozein baimen lortu behar izanez gero, horiek eskuratzea eta Udalak ulertuko du argazkiak aurkezten dituenak lortuak dituela baimenok.
- Euskara batzordeak izendatutako lantalde batek aukeratuko ditu argazkiak.