Aurten ere gazte taldea etorri da herrira, Mizpirualde egoitzan egiten den auzolandegian parte hartzera. Uztailaren 15era arte egongo dira bertan –txanda bakarra egongo da aurten, ohiko bien ordez–.
Belaunaldi arteko trukaketa da auzolandegiaren leloa, eta gazteon egitekoa izaten da Mizpirualdeko egoiliarrekin egotea, konpainia egitea, haiekin jolastea edo hitz egitea, adibidez.
Udalak harrera egin die goizean udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Domekako San Martzialgo erromeria aipatuz, adibidez, Bergara eta bertako bizimodua ezagutzera ere gonbidatu ditu Izaskun Labaien zinegotziak. Auzolandegiari buruz, berriz, adierazi du bi norabideetan dela aberasgarria: "Gazteek haize berria ekartzen dute. Nagusiak, askotan, ezinduak-eta izaten dira, eta euren bizitza nahikoa monotonoa izan daiteke: esperientzia, bizipen eta kontu berriak, txisteak... Aberasgarria da auzolandegia, bai gazteentzat eta bai nagusientzat".