Domekan Leintz Gatzagan batuko dira amateur mailako ziklista onenak, 10:00etan hasiko duten Dorletako Amako 37. Sarian. Lasterketa Euskaldun Sarirako baliagarria izango da, eta txirrindulariek 119 kilometrotako proba izango dute aurretik –tartean, hirutan igoko dituzte Gatzagako maldak; aurreikuspenen arabera azkarrenak 13:00ak aldera iritsiko dira helmugara.
Mikel Aristi, Irunen onena
Hain zuzen, Euskaldun Torneoko azken hitzorduan Bergarako Mikel Aristi (Euskadi EDP) nabarmendu zen, astelehenean Irunen egindako San Pedro Klasikoan lehenengo helmugaratuta: "Erlaitzera arte elkarrekin joan gara denok, baina mendate horretan lasterketa apurtu da. Nire taldekide Mikel eta Pedrerok aurrera egin dute eta lehenengo pasa dute gaina, ondoren Arcas, Marquez eta Rodriguezek beste hiruko bat osatu dute, eta ondoren Aitor Gonzalez nire taldekide Anderrek eta nik beste hiruko bat osatu dugu. Gora iritsi aurretik erasoa jo dut, eta jaisten arriskatu ostean aurrekoak harrapatu ditut, helmugarako bost kilometro falta zirela. Hala, helmugatik 500 metrora harrapatu ditugu aurrekoak, eta Mikel taldekideak esprintean egindako lana aprobetxatuta irabaztea lortu dut", azaldu du Aristik taldearen webgunean.
Hala, Laukiz, Coruñako Volta, Segura eta Gipuzkoako erlujupeko txapelketan irabazi ostean, Irunen lortu du bosgarren garaipena. Atseden apur bat hartu ostean denboraldiko bigarren zatia prestatzen hasiko da Aristi.