Jende ugari batu zuen egubakoitz iluntzean (20:00) jokatutako jaialdiak. Lehendabizi, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidua jokatu zuten Maialen Marauri eta Nekane Muñoz eta Marina Retolaza eta Elena Eginok osatutako bikoteek. Uneoro berdinduta joan zen norgehiagokan Egino eta Retolaza iritsi ziren azkenean 22ra, jokaldi ederrez betetako partiduan.
Ondoren, finalaren ordua iritsi zen, euripean jokatu behar izan zutena. Bertan, Miren Berraondo eta Gorane Elorriagak estreinatu zuten markagailua, baina Maddi Larrea eta Maite Arantzabalek aurre hartu zieten, partidua 12-22 emaitzarekin irabaziz. Azken hauek txapelketa osoan zehar jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte.
Txapeldunek Emakumeen Mundu Martxako kamiseta bana jaso zuten Martxanterak talde feministaren eskutik. Arrano tabernakoek, berriz, luntxa eraman zuten Bolun bildu ziren ikusle zein kirolarientzat.
Guztira 50 pertsonak (25 bikote) hartu dute parte apirilean hasi zen frontenis txapelketan.