Botoa gaur eman ostean, bihar emango dituzte jakitera Angiozarko hauteskundeen emaitzak

Txomin Madina Milikua 2015ko eka. 28a, 20:15
Angiozarko auzotar bat, gaur botoa ematen.

Parte-hartzea %60ren bueltan egon da. Alkate izateko dozena bat proposamen egin dituzte auzotarrek, eta batzarkide izateko 60 inguru.

Gaur egin dituzte Angiozarren auzoko alkatea eta beste hamasei batzarkide aukeratzeko hauteskundeak. 250 pertsona inguru zeuden botoa ematera deituak, eta parte-hartzea %60ren bueltan egon dela adierazi du Josen Anjel Mikeo, egungo alkateak: "Akaso beste hauteskunde batzuetan apur bat gehiago izan da parte-hartzea, baina antzera xamar ibili da. Bestela, eguna bera oso ondo joan da, arazo barik".

Botoa eman dutenek lau auzotar proposatu behar izan dituzte denera: bat alkate izateko, eta hiru batzarkide izateko. Jose Anjel Mikeok aurreratu duenez, alkate izateko dozena bat izen proposatu dituzte, eta batzarkide izateko 60 inguru. "Kontrakoa eman dezakeen arren, uste dugu oso positiboa dela jende askoren izenak agertzea, esan gura duelako auzotarrek 60 pertsona behintzat gai ikusten dituztela gauzak aurrera eroateko", adierazi du egungo alkateak. Dena den, alkate izateko izan bat nabarmendu dela ere aurreratu du.

Batzarra bihar, astelehena

Hauteskundeen emaitzak bihar emango dituzte jakitera, 20:00etan Ardiaska aretoan egingo duten batzarrean. Boto gehien jaso dituztenek orduan esango dute batzarkide izatea onartzen dute edo ez. Ohiturari jarraituz, San Migel egunaren, irailaren 29aren bueltan egingo dute hurrengo lau urtetan alkate izango dena izendatzeko ekitaldi ofiziala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak