Bergara Kirol Elkarteko bazkideek bihar aukeratuko dute presidente berria

Julen Iriondo 2015ko eka. 23a, 12:00
Goian, Ricoren taldea; behean, Cresporena.

Horrelako klubetan nahikoa ezohikoa izan arren, bi hautagaitza aurkeztu dira, eta hauteskundeak egingo dituzte horregatik bihar: orain arteko presidente Pedro Ricorena da bat, futbol talde nagusiko jokalari Eloy Cresporena bestea.

Klubak 450 bazkide inguru ditu, eta haiek aukeratuko dute Pedro Rico eta Eloy Crespo buru dituzten hautagaitzen artean. Bihar –hilak 24–, 12:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eman ahalko da botoa, Irizar jauregian. Boto eskubidea duten bazkideetako asko klubeko beheko mailetako jokalarien gurasoak dira.

Pedro Ricoren hautagaitza

Orain arteko presidenteak bere hautagaitzan jende "berria" egotea azpimarratu du, "ideien berritzerako berme" dela esanez; egungo taldetik berak bakarrik jarraitzen du, nahiz eta lehenago zuzendaritzan jardundako jendea baduen lagun, Iñigo Zaitegi, "Bergarak izan duen presidente onenetakoa", tartean.

Kirol arloan, Manu Diazek eta Enrike Nietok, "talde nagusiak azken bi igoeretan izan zituen entrenatzaileek", hartuko lukete ardura, "prestatu duten eta denon konfiantza duen proiektua garatzeko". "Arrakasta izan duten ereduak" jarraituta egin dutela dio.

"Emakumezkoen futbola garatzeko plana" egitea, berriz, Iñaki Lazkanoren egitekoa litzateke. Ororen gainetik, baina, "kirolarien formazio integrala" izango dute helburu: "Balioen sustapena gakoa izango da".
"Geroago eta kirolari gehiago" dituztela eta azkenaldiko kirol emaitzak, "oro har, oso onak" izan direla dio Ricok, "nahiz eta futbol talde nagusia jaitsi".

Agorrosin eta Ipintza "birmoldatu" beharraz dihardu, egungo instalazioak ez direlako nahikoa eta "zahartuta" daudelako. Saskibaloi, eskubaloi eta pilota sailekin "elkarlana" nahi dute, "autonomia errespetatuz".

Eloy Cresporen taldea

Eloy Crespok –futbol talde nagusiko jokalaria– dio bere taldearen proiektuaren ardatzak direla, besteak beste: "Belaunaldi aldaketa lortzen saiatzea; beste sailekin harremanak indartzea eta denok klub moduan funtzionatzea; euskara indartzea harremanetan; eta nesken futbola indartzea".

Lau sailetan 600 gazte ibilita, azpiegitura batzuk "txiki" geratu direla uste du Crespok: "Aldagelak, zelaiko orduak... Udalarekin hitz egin nahi dugu, ea konponbiderik dagoen". Kudeaketari dagokionez, helburua izango ei da egoera ekonomikoa "saneatua" izatea eta "dirua baldin badago gazteetan inbertitzea ahalik eta gehien, eta gauzak egitea".

Kirol arloan, lehiaren aurretik "beste balioak" jartzen dituztela dio: "Gure nahia da Bergarako edozein gaztek kirola egin gura badu, hori lor dezala". Lantaldeari dagokionez, Juanjo Nogeiras litzateke kirol zuzendaria –baita futbol talde nagusiko entrenatzailea–, eta "kirol batzorde bat" ere sortu nahi dute, Nogeirasek, hiru zuzendarik eta hiru jokalarik osatuko luketena, erabakietan parte hartzeko.

Cresporen taldeko gehienak orain arte Ricorekin ibiliak dira: "Lehengo zuzendaritzako gehienek lan ona egin dute, horregatik jarri dugu konfiantza eurengan".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak