18:00etan hasiko da gaur jaialdia, eta Udaberriko Eskolarteko Txapelketako zortzi final jokatuko dira denera: benjamin mailako lau, alebin mailako bi eta infantil eta kadete mailetan, bakoitzean, bat; kadete mailakoa, gainera, neskena izango da, eta ez eskuz, baizik eta palaz.
Final hauek jokatu ostean, beste partidu bat ere egongo da, Gipuzkoako Udaberriko Txapelketakoa, lau t'erdiaren barruan: herriko pilotari Balerdik Deba legazpiarrarekin neurtuko ditu indarrak.
Zozketako sariak
Azkenik, pilota sailaren zozketak baditu irabazleak: Iñaki Larrañagarentzat izan dira 500 euroak eta buruz buruko finalerako bi sarrerak; Nerea Etxeberriarentzat 250 euroak eta asteburua Treceñoko Palacio de Guevara hotelean; eta Bitxor Garitanorentzat 100 euroak eta lau afariak Tartufon.