Isidro Monzon (1906-1991) arkitektoaren lanaren inguruan solasaldia egingo dute Donibane Lohitzuneko Ravel aretoan, 09:30etan hasi eta 18:00ak bitartean. Sarrera doanekoa da.
Telesforo Monzon politikari abertzalearen anaia zen arkitektoa. Tarte batez guda zibilean borrokatzen aritu ostean, 1937an Donibane Lohitzunera bizitzera joan zen familiarekin, eta handik gutxira atera zuen arkitekto titulua. 1940an, berriz, Venezuelara alde egin zuen, frankismoarengandik ihesi. Bertan hasi zen XX. mende hasierako euskal estiloko etxeak egiten, diasporako euskal jendearentzat, Lapurdiko kostaldeko etxeak oinarri hartuz.
Bordak inspirazio iturri
40. hamarkadaren bukaeran Donibane Lohitzunera itzuli zen, eta bertan bere estiloa aldatu zuen. Ordutik aurrera, euskal mendietako bordetan oinarritutako arkitektura estiloa landu zuen nagusiki, tradizioa mantenduz baina berrikuntzak ezarriz.
Biharko solasaldian 1975 eta 1985 urteen bitartean garatu zuen lana aztertuko dute; izan ere, garai hartan lapurdiko kostaldean egin zituen etxe gehienak. Hitzaldiak amaitzean, 17:00etan, Donibane Lohitzunen bertan dagoen Xantako etxera bisita egingo dute. Bertara joateko izen ematea derrigorrezkoa da.