Bisitariek Manu Muniategiandikoetxearen 20 bat lan inguru ikusi eta ezagutu ahalko ditu. Erakusketaren ildo nagusia bergararrak dituen esferak izango dira. Hain zuzen ere, 3x3 metroko bi esfera erraldoi egongo dira ikusgai.
Donostian zortzi urte baino gehiago daramatza Bergarako artistak bere obra erakutsi barik. Normalean, Madrileko ‘Espacio Minimo’ izeneko galerian erakusten ditu bere obrak. Bere lanak Gipuzkoan erakustea berezia dela onartu du Manu Muniategiandikoetxeak: “Ez da erraza izaten etxean erakusketa egitea. Kanpoan egitea errazagoa izaten da, Madrilen, Galizian edo Valentzian.”
Erakusketaren izena 'Nator, noa, doa da' da, eta bisitariek bergararraren azkeneko obrak ikusi ahal izango dituzte: “Lan txikiak eta handiak daude, 20 gutxi gorabehera. Aretoa nolako den jakinda, moldatu egin gara bertara”.
Iaz, Jesus Mari Lazkanoren erakusketa izan zen Altxerri galerian, eta aurten, Bergarako beste artistaren lanak ikusteko aukera egongo da.