Kultura aretoaren lan nagusiak uda ostean hasiko dituzte Bergaran

Julen Iriondo 2015ko eka. 12a, 11:37

1.158.828,68 eurotan lizitatu dituzte Seminarioko eliza zaharreko obrak. Lanok egiteko lehiaketara aurkezteko epea irekita dago, eta Udalaren asmoa da uztailean egitea esleipena, obrarekin irailean hasteko.

Hori Seminarioko eliza zaharra erabilera askotarako kultura areto bilakatzeko egin beharreko lan nagusiei dagokienez, ze aurre-lan batzuk esleituta eta hastear daude dagoeneko; izan ere, UNEDen ohiko martxarentzat traba liratekeen lanak, zaratarik handiena-eta eragingo dutenak, uda sasoira aurreratu dituzte, unibertsitatean jardunik ez den garaira.

Lan potoloenak zortzi hilabetean egin beharko dituzte, edo urtebetean, lanak egingo dituen enpresak elizako erretaularen garbiketa eta zaharberritze proiektua eta lanak egiteko konpromisoa ere hartzen badu.

Joandako azaroan egin zuten kultura aretoaren aurreproiektuaren aurkezpena Seminarioko elizan bertan, eta azkenean gauzatuko denak orduan aurkeztutakoak baino "erabilera espektro" askoz zabalagoa izango du, proiektua egin duen Vauum estudioko Jon Muniategiandikoetxea arkitekto bergararraren esanetan.

Horretarako, ekipamendu teknikoa "asko" aldatu dela adierazi du; "sonoritate" arloan egindako aldaketak eta aretoa antzerki lanetarako egoki izan dadin egindakoak nabarmendu ditu, horien jatorria aurreproiektuaren aurkezpen ostean Udalak herriko kultura eragile eta taldeekin egindako parte-hartze saioetan haiek egindako ekarpenak egon direla azpimarratuz.

Kultura areto berriaren edukiera aldakorra izango da; adibidez, 600-700 lagun hartu ahal izango ditu zutik –harmailak jasota daudela–, edo erdia inguru jarrita –jesarlekuak aterata–; beharretara edo bertan eskainiko den ikuskizun edo dena delakoaren ezaugarrietara moldatzeko aukera emango du aretoak. Aurreproiektuari egindako beste aldaketa bat izan da 83 metro koadroko beste gune bat ere atonduko dutela lehenengo solairuan, entseguetarako edo hitzaldietarako-eta, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak