Sari-banaketa ekainaren 15ean, astelehena, izango da, 11:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean.
Maj3 taldea Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxeko DBH1eko aipatutako ikasleek osatu dute. John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (Alberdania, 2007) liburua hautatu dute book trailer-a egiteko. Talde honek lau lagunentzako abentura txangoa eta ikasgelarentzat liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa eskuratu du.
Talde honen lanaren inguruan iritzi hau eman du epaimahaiak: "Lan polita da. Originala da eta oso ondo dago kontatuta. Amaiera ireki horrekin oso ondo betetzen du book trailer-aren funtzioa. Amaieran agertzen diren kredituak ere behar bezala daude".
Platano Moreak taldea, berriz, Mariaren Lagundiko DBH3ko ikasleek osatzen dute; Aitor Aranaren Maitasun sua (Ibaizabal, 2013) liburuari buruz egindako book trailer-a da saritu dietena. Talde honek lau lagunentzako abentura txangoa eta ikasgelarentzat liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa eskuratu ditu.
Epaimahaiaren iritzia euren lanari buruz hauxe da: "Egileek grabatu dute eta errealizazio adoretsua egin dute. Irudien enkoadreak, interpretazioa… oso onak. Abiapuntua oso aproposa da eta asmatu dute planteamenduarekin. Emaitza txukuna da, oso".
Edizio honetan "lan oso onak" jaso dituztela adierazi du epaimahaiak.