Bergarako Udalak ur zikinek ibaian bukatzen duten 212 puntu ditu identifikatuta herrian. Gehienak puntu isolatuak dira, ur zikin kopuru esanguratsurik isurtzen ez dutenak; baina badira sei puntu garrantzitsu, eta horietako bat da Fraiskozuri plaza ingurukoa. Puntu nagusietatik hasita, guztiei eman nahi die konponbidea Udalak, eta Fraiskozuriko lanak berriki hasi dituzte, honela –Ibargarai kalean ere badihardute–.
Fraiskozuriko lanek bi fase izango dituzte, eta aurreneko honetan egingo dutena da lau atariri –30 bat etxebizitzari– eragingo dien hoditeria sartu. Etxeotako ur zikinak araztegira bidera daitezen, baina, lanen bigarren fasea amaitu arte itxaron beharko da, eta hori noiz izango den aurreratzerik ez du Udalak, udalbatzaren osaketa berriaren araberakoa ere bada-eta erabakia. Besteak beste, lanon kostu osoa handia dela eta erabaki berriak agintaldi berrian hartu beharko direla diote Udaletik. Lehenengo fase honetako lanek hilabete eta sei aste artean iraungo dute.