Gaur egun Pedro Ricoren zuzendaritzako kide den baina hauteskunde berrietarako Eloy Cresporekin joango den Juan Karlos Lazkanok baieztatu du Ricoren aldamenean jarraituko duen kide batek eta zuzendaritza utziko duen beste batek izan ezik, egungo taldeko gainerako pertsonek Cresporen hautagaitzan sartzea erabaki dutela, klubeko zuzendaritza "gaztetzeko" helburuarekin; gehitu du "dinamika aldatu" nahi dutela, baina horrek ez duela esan nahi inongo "enfrentamendurik" eta giro txarrik dagoenik.
Eloy Crespo buru duen zuzendaritzako gainerako kideak lirateke: Jose Mari Albisua, presidenteorde; Fabian Muxika, diruzain; eta J.M. Zulueta, idazkari; Fernando Juaristi, Fernando Madinabeitia, Avelino Santamarina, Ramon Fuentes, Jesus Zapata, Gotzon Odriozola, Manuel Herran eta Juan Karlos Lazkano bera bokal. Eta euren taldean joango lirateke Aitor Blanco futbol eskolako koordinatzaile eta Juan Jose Nogeiras kirol zuzendari eta futbol talde nagusiko entrenatzaile. Ricok ere nahi omen zuen Nogeiras bere taldean, baina Cresporen hautagaitza babestea erabaki ei du hark.
Eloy Crespok –futbol talde nagusiko jokalaria– presidente izateko aurkeztu du bere burua, hortaz; dena den, Lazkanok aurreratu du ez duela futbolean jokatzeari uzteko asmorik. Lazkanok aurreratu du aurtengo taldeko jokalari ia-ia denek baieztatu dutela datorren urtean jarraitu egingo dutela; zalantza bakarra ei dago, Asier Lopez atezain eibartarrak jarraituko duen edo ez. Datorren denboraldian Preferente mailan jokatuko du Bergarak, aurten maila galdu eta gero.
Ricoren aurkezpena laster
Gaur eguneko presidente Pedro Ricorekin harremanetan jarrita, hark adierazi du laster egingo dutela euren hautagaitza eta proiektua aurkezteko agerraldia. Hauteskundeetarako hautagaitza gehiago egoteari ondo deritzola ere adierazi du, eta baita Bergara Kirol Elkarteko lehendakari ohiekin, adibidez, eta herriko "jende esanguratsuarekin" harremanetan dagoela ere.
Pedro Ricok zortzi urte daramatza Bergara Kirol Elkarteko presidente. 450 bazkide pasatxo izango dira datozen hauteskundeetan hautagaitza baten edo bestearen aldeko hautua egin beharko dutenak.