Hilean behin matxuratutako gailuak elkarlanean konpontzeko batzen dira herritarrak Kafe Konpon ekimenaren baitan, eta datorren eguaztenean ere hala egingo dute. Beti bezala, San Joxepe jubilatuen elkartean izango da hitzordua, arratsaldeko lauetan.
Joan den hilabetean bisita berezia izan zuten Bergarako Kafe Konponen; izan ere, Donostia 2016, Donostiako Tabakalera eta Altsasuko birziklapen laborategikoak gerturatu ziren, egitasmoarekin interesatuta.
Altsasuko taldeak birziklatutako materialekin lan egiten du, haien erabilgarri diren objektu berriak eginez. Horrenbestez, haien esperientziak elkarbanatu eta bergararrenak entzutera joan ziren.
Donostiarren kasuan, aldiz, haien hirian antzeko proiektu bat abiarazteko asmotan dabiltza, eta berau hobeto ezagutzeko asmoarekin joan ziren San Joxepera. Maiatzaren amaieran hiriburuan ospatu zuten Olatu Talka jaialdian Hor Konpon tailerra prestatzeko Bergarako taldearen laguntza izan zuten. Kafe Konponeko Iñaki Alberdik adierazi duenez, "prest gaude hemendik aurrera haiekin bildu eta aholkuak ematen jarraitzeko".