Bergarako Udalaren izenean Jaione Isazelaia jarduneko alkateak eta Grupo Eibar ordezkatuz Gorka Aranegik sinatutako hitzarmenarekin, bi aldeek euren asmoak bete ahalko dituzte. Batetik, Lorentxoko eremuan etxeak egiten ari den sustatzaileak hurrengo egingo dituzten etxeak aurreikusitakoa baino handiagoa izan daitezen baimena jaso du.
Inguru hartan 130 etxebizitza libre eta tasatutako 52 daude gaur egun, eta asmoa da sei-zortzi hilabeteren buruan beste 41 etxebizitza egiteko lanak hastea. Orain arte interesa agertu duten herritarretako askok aurreikusitakoa baino etxebizitza handixeagoak eskatzen zituztela-eta, Udalari hori baimentzeko eskaria egin zion Grupo Eibarrek. Honela, hitzarmen honi esker, etxebizitza berriek 90 metro koadro izango dituzte, eta lehengoak baino merkeagoak izango dira, gainera.
Trukean, bi onura izango ditu Bergarako Udalak. Batetik, Babes Ofizialeko 22 etxebizitza inguru, 2.500 metro koadro etxebizitza, herriko edozein gunetan eraikiak izango direnak, ez derrigor Lorentxokon. Bestetik, Lorentxokon egitekoak diren aipatutako eraikin berriaren beheko solairuan 500 metro koadroko lokala, guztiz ekipatua. Eta Udalaren asmoa da han kokatzea eguneko zentro berria. Gaur egun, San Joxepe erretiratu elkartearen egoitzarekin batera dago eguneko zentroa, baina txiki geratu da. 25 lagunentzako du lekua, eta beteta dago.
Jaione Isazelaia jarduneko alkateak azaldu du hitzarmen honek zer dakarren eguneko zentroari dagokionez: "Eguneko zentroaren 25 leku horiek beteta daude, eta eskari gehiago balego, Antzuolara joan beharko lukete erabiltzaile berriek. Hori ikusita, eta ikusita San Joxepe elkartekoek galera moduan bizi izan zutela eguneko zentroa euren egoitzarekin batera jartzea, iruditzen zaigu egokia dela eguneko zentro berria edukitzea. Gainera, leku berria ezin hobea da, leku lasaia, aurrean bide zabal bat duena, bidegorria, plaza eder bat edukiko du, eta iruditu zitzaigun egokia zela leku hori bertan kokatzeko eguneko zentro berria".
Eguneko zentro berriak 40 lagunentzako izango du lekua. Eguneko zentro egitasmoaren zirriborroa egina dago, eta hitzarmen honen ostean hurrengo agintaldiko udal arduradunen zeregina izango da proiektu hori garatzea.