Diego Tirilonte nagusitu da Pentekoste Saria lasterketan Mikel Aristiri garaipena helmugan kenduta

Infisport taldeko Diego Tirilonte kantabriarra nagusitu da San Antonioko helmugan Mikel Aristi bergararraren aurretik: "Esprinta urrun hasi dut eta indar gabe geratu naiz helmugarako. Taldekiderik ez nuen laguntzeko eta horren aldeko apustua egin dut; ezin izan da baina pozik nago bigarren geratu naizelako", jakinarazi du Aristik bukaeran.

23 urtez azpiko amateur mailako 131 txirrindularik ekin diote Bergarako jaietako Pentekoste Sariari. Lasterketa bizkorra eta bizia izan da; izan ere, une batzuetan 40 kilometro/orduko abiadurarekin korritu dute. Asentzioko maldatik hiru alditan pasa behar izan dute eta horrek zatitu egin du tropela.

Helmugan talde txikia sortu da, tartean Euskadi fundazioko Aristi bergararra eta horren estrategia izan da bukaerako aldapa hasi orduko ihes egitea. Saiatu bai, eta garaipena ere erruberan izan du, baina Tirilonte atzetik argi ibili da eta azken metroetan aurrea hartu dio. Hirugarren ostera, Caja Rural taldeko Hector Saez sartu da. Tirilonte oso pozik zegoen podiumera igotzerakoan: "Joan zen astean erori egin nintzen eta min hartuta nengoen, hortaz, hasieran indarrez justu topatu dut neure burua. Giharrak berotzen joan ahala gero eta indartsuago nengoen… Eta garaipena! Taldearendako denboraldiko lehenengoa da, baita neurea ere".

Mendiko saria, ostera, Telcom taldeko Alain Santamariak jaso du; Bergarako onena, Mikel Aristik; eta Lehendakari Saria, Jonatan Lastrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.