Udal Gobernuak horren premia ikusten du, gaur egun arkitektoa astean birritan izaten delako udalean, eta uste duelako hainbat eraikinen birgaitze beharrak-eta justifikatzen dutela arkitektoaren lanpostua plantilla organikoko parte izatea.
Jeltzaleak, aldiz, kontra agertu ziren, arkitektoari eragingo liokeen hainbeste inbertsio ez dagoelako gaur egun, eta udaleko kontu-hartzaileak kontrako txostena eman duelako ere bai. Jaione Isazelaia alkateak, berriz, adierazi zuen udaleko pertsonal buruak ziurtatu duela legeak ematen duela aukera eurek egiten duten interpretazioa egin eta arkitekto lanpostua lantalde organikoan txertatzeko.
Udal gobernuaren aldeko botoekin onartu zen puntu hau. Gai-zerrendako gainerako puntuak ere onartuak izan ziren.
Saioaren amaieran, agintaldia bukatzera doala-eta hitz batzuk egin zituzten Gobernuko eta oposizioko kideek. Aintzane Oiarbidek esan zuen galdutako lau urte izan direla Bergararentzat, eta hondakinen gaian Gobernuak egindako kudeaketa kritikatu zuen. Alkateak, berriz, agintaldiaren balorazio baikorra egin zuen, eta aurrez agindutakoen betetze mailarekin harro daudela adierazi.