HESIAN MUSIKA TALDEA
"Bergarako jaiek oso ospe ona daukate eta ziur kontzertu polita aterako dela"
Bederatzi urte pasatu dira Hesian talde nafarra sortu zenetik. Zortzi taldekidez osatuta, denbora horretan sei disko kaleratu ditu taldeak eta hirurehun kontzertu inguru eskaini ditu Euskal Herriko hainbat plazatan.
Orain, Hegalak astinduz biran bete-betean murgilduta, Pazkoak bisitatuko ditu taldeak. Neska-mutil ahotsekin jositako pop-rock edota punk-rock melodiko doinuz beteko da Bergarako San Martin plaza. Pentekoste jaiei hasiera bikaina emateko, egubakoitzean, maiatzak 22, 23:00etan eskainiko du kontzertua Hesian taldeak.
Bergaran kontzertua eskaini ondoren, talde nafarraren hurrengo saioa Eibar izango da, maiatzaren 29an. Bertan, Espaloian eta Emepebost taldeak ere egongo dira.
Duela hilabete inguru Oñatin izan zineten; beraz, bailara bisitatu duzue dagoeneko. Hala ere, lehenengo aldia izango da Bergaran?
Hirugarren aldia da Bergaran joko duguna. Lehen aldia 2008an izan zen, txosnagunean. Bigarrena, aldiz, urtebete geroago izan zen, 2009an, alegia, Korrikaren jaialdi batean.
Beti izan dugu lotura berezia Debagoieneko eskualdearekin, askotan jo baitugu bertan.
Gainera, oraingoan, herriko plazan izango zarete. Urduri?
Urduritasuna beti dago presente. Egiten duguna maite dugu eta ilusio horrek beti dakar urduritasun apur bat.
Gogotsu zatozte Pazkoetara?
Gogotsu, beti, leku guztietara. Bergarako jaiek oso ospe ona daukate eta ziur kontzertu polita aterako dela!
Nolako kontzertua eskainiko duzue? Zerbait berezia prestatu duzue?
Beti prestatzen dugu zerbait berezia kontzertuetarako, eta hau ez da salbuespena izango. Daukagun guztia emango dugu gerturatzen denak goza dezan eta San Martin plaza beteta egon dadin.
Hegalak astinduz disko berriko kantuez gain, aurreko diskoetarako kantuak ere entzungo ditugu?
Bai, noski! Disko guztietako abestiak joko ditugu, baina egia da azkeneko diskoari garrantzi berezia emango diogula.
Kontzertua bukatzean, Pazkoez gozatzen geldituko zarete?
Litekeena da, bai... batzuk jada apur bat zahartuta gaude, baina taldeko gazteenak geldituko dira hor nonbait.
KALAKAN MUSIKA TALDEA
Euskal kantagintzako doinuak
Pazkoetan Bergaran izango diren musika taldeen artean, azkenaldian gogor dabilen talde baten aldeko apustua egin du jai batzordeak: Kalakan da. Iparraldeko taldeak eta La Jodederak maiatzaren 23an, zapatua, 23:00etan eskainiko dute kontzertua San Martin plazan. Kalakanek euskara du hizkuntza, eta, euskal kantagintza oinarri hartuz, moldaketa garaikideak egiten ditu.
Lehen urratsak
2009an sortu zen Kalakan taldea eta hiru taldekidez osatuta dago: Thierry Bizkari Ttirritt, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau. Katia eta Marielle Labeque piano-jotzaileekin kolaboratu eta Europan zehar kontzertuak eskaini ondoren, hirukotea publiko zabalago batera ezagutzera eman zen Madonnarekin; The MDNA Tour mundu-birarekin, hain zuzen ere.
"Elementuak" azken diskoa
Apirilean Sarako koban eta San Telmo museoan aurkeztu zuen taldeak Elementuak izeneko bigarren diskoa.
NUEVO TALISMAN ORKESTRA
"Bergarako ikus-entzuleek dantzaldiaz asko disfrutatzen dute"
Errioxa eta Nafarroako partaidez osatutako orkestra da Nuevo Talisman. Guztira, hamalau dira taldean: bederatzi musikari eta bost teknikari. Hainbatetan izan da Bergaran taldea; beraz, ez da herria bisitatzen duen lehen aldia izango.
Pazkoak girotzeko, ikuskizun zabala eskainiko du maiatzaren 25ean Orkestrak bi saio izango ditu Pazkoetan: bata 12:30ean eta bestea 23:00etan. Biak Espoloian izango dira.
Zer moduzkoak dira ikus-entzule bergararrak?
Bergarako ikus-entzuleek ondo pasatzen dakite. Disfrutatzea oso gustuko dute. Dantzaldiaz gozatzen duen publikoa da. Bergaran eskainiko dugun emanaldiko goizeko saioan, nagusiagoak izango dira ikus-entzuleak, baina asko gozatzen dute eta asko gustatzen zaie dantzaz gozatzea. Gaueko saioan, aldiz, gazteagoa izaten da publikoa, eta ondo pasatzen dute haiek ere.
Nolako ikuskizuna prestatu duzue?
Adin tarte guztietara zuzendutako ikuskizuna prestatu dugu Pazkoetarako. Ez dugu abestien errepertorio finkorik eta daukagun ikus-entzuleen arabera jolasten joaten gara. Adin jakin bateko ikus-entzuleak baldin baditugu, udako hiru-lau kantu jo ditzakegu, baina baita ere balsa, txa-txa-txa...
Gaueko saioa nolakoa izango da?
Gaueko saioko publikoa gazteagoa izaten denez, askotariko ikuskizun bisuala eta entretenigarria izango da. Ikus-entzuleek, dantzatu eta gozatzeaz gain, begiratzeaz disfrutatu ahal izango dute, guk ere dantzan egingo dugulako.
Zer dute gustukoago bergararrek, abestea ala dantzatzea?
Orokorrean, Bergarako ikus-entzuleei abestea asko gustatzen zaie. Abesti ezagunak entzuten dituztenean, ahapetik kantatzen dituzte. Abestea eta disfrutatzea gustuko duten ikus-entzuleak direla esango genuke guk.
Jakina, beti egongo da norbait abesteaz gain dantzatzea ere gustuko duena.
LA JODEDERA MUSIKA TALDEA
Dantza eta gozamena helburu
Klakan hirukotearen euskal doinuez gain, La Jodedera taldearen erritmo kubatarrak ere entzun ahal izango dira maiatzaren 23an, 23:00etan, San Martin Plazan.
Euskal Herriko eta Kubako musikariak
La Jodedera taldea 2009an osatu zuten Kubako eta Euskal Herriko lau musikarik: Jon Casares Txorromorro gitarra-jotzaile eta kantariak, Jon Oiartzun Jomes Bap baxu-jotzaileak, Armando Figueroa Mandi Cienfuegos perkusionista eta kantariak eta Oscar La Habana tres kubatarraren arduradunak.
Kasualitatez sortutako taldea
Leitzako taberna batean Mandi Cienfuegos eta lagunak ogitartekoak erosten zeudela, ogirik gabe gelditu ziren tabernariak eta Txorromorro-k etxera gonbidatu zuen lagun-taldea. Bazkaldu ondoren, musika jotzen eta abesten hasi ziren, eta, horrela, La Jodedera sortu zen.
Alderdi errebindikatiboa baztertu gabe, musika sortzeko eta jendeak dantza egiteko eta ondo pasatzeko helburuarekin sortu zuten taldea.